Zuberoako maskaradak
Zuberoako Maskaradak urtearen hasieratik Astearte Inauteri eguna
bitartean ospatzen dira. Maskaraden elementu nagusia dantza eta
antzerkia dira. Egun eta herri ezberdinetan eskaintzen dute funtzioa.
Maskaradako pertsonaiak bi taldetan banaturik daude: gorriak eta
beltzak. Lehenengoak garbi eta dotore jantzita egoten dira eta gorria da
euren arropetako kolore nabariena. Talde honetakoak dira
Txerrero,
Artzaina, Gatuzain, Kantiniersa, Zamaltzain, Zikiratzaileak,
Ferratzaileak, Kukulleroak, Jaun eta Anderea, Laboraria eta
Etxekoandrea.
Gorrien taldearen ondoren musikariak joan ohi dira eta hauen atzetik
beltzak. Zarpain eta zikin jantzita joaten dira talde honetakoak:
Ijitoak, Berzkinak, Zorrotzaileak, Eskaleak...
Maskaraden antzezpena egun osoan zehar luzatzen da. Goizean, herrira
iristean, gorriak dantzan eta beltzak bazterrak nahasten hasten dira
kaleetako barrikadak gaindituz. Herriko pertsonaia garrantzitsuak edo
ospetsuak bisitatuz ibiltzen dira. Bitartean, beltzek Zamaltzaina
amorrarazten dihardute eta Zirikatzaileak ere harrapatu nahian dabiltza.
Enparantzara heltzen direnean gorriak dantzak egiten hasten dira. Dantzarik nagusiena
Bralia eta
Gobalet-dantza (baso ardoaren gainera salto egiten dena) dira.
Dantzaren ondoren funtzioak datoz. Zati honetan, pertsonaia bakoitzak
bere ofizioa antzezten du: Ferratzaileek Zamaltzain eta Txerrero
ferratzen dituzte, berauek nahi ez badute ere; Zikiratzaileek Zamaltzain
harrapatu eta irendu egiten dute; Zorrotzaileek Jaunaren ezpata
zorroztuko dute behin eta berriro, Jauna gustura gelditu arte; ijitoek
istorio eta entretenigarriak kontatuko dituzte; eta azkenik, Berzkinek
Jaunak konpontzeko emandako dupina ezin konponduta utziko dute. Hala
ere, Jauna engainatu eta dirua aterako diote... Azkenean, medikua ekarri
eta honek salbatuko du Jaunak emandako dirua lapurtu duen langilea,
patroi eta ijitoen artean harrapatu eta erdi hilda utzi dutena.
Antzezpena amaitzeko, guztiek parte hartzen duten dantza egiten dute.
Urtero-urtero herri ezberdin bateko herritarrek prestatzen dituzte
Maskaradak, eta aurten Idauze-Mendikoei egokitu zaie. Mauletik bospasei
kilometrora dagoen herri honetan orain dela 70 urte antolatu ziren
Maskaradak azken aldiz. Aurten berriro idauze-menditarrak izango dira
protagonista.
hik hasi
Nafarroa Behereko ihauteriak
Nafarroa Behereko ihauteriak dira Euskal Herriko luzeenak, maiatzera
arte irauten baitute. Ihauteri hauetan Kabalkada izeneko desfilea da
oinarri. Bertan hainbat
pertsonaiak hartzen dute parte.
Ezagunenak eta ikusgarrienak
Bolantak dira. Lepotik zetazko koloretako zintak zintzilikatuta daramaten dantzariak dira eta desfilearen amaieran joaten dira.
Zaldikoak dira lehenengo joaten direnak. Zaldi gainean joaten diren bizpahiru mutil izaten dira. Hauen ondotik
Zapurrak doaz, bizar beltz eta betaurreko beltzak dituztelarik. Ondoren, bat, bi edo hiru
Makilari joaten dira, bola batean amaitzen den makila luzea daramatelarik eskuan. Atzetik,
Erraldoitxoak ,
bi emakume argal, luze eta fin errepresentatzen dituzten panpinak,
alegia. Dantzari bik eramaten dituzte sorbalda gainean. Hauen ondoren
beste bi dantzari joaten dira
Gorriak . Desberdin jantzita joaten dira, besteen nagusi edo gidari direlako. Ondoren,
Banderariak doaz, bat edo bi, eskuan banderak dituztela.
Basandreak doaz hurrena eta azkenik
Bolantak .
Dantza da Kabalkadan elementu nagusia. Guztira 23 dantza egiten omen dituzte eta 18 pauso inguru.
Antzina, beste Kabalkada batek jarraitzen zion hemen azaldutakoari.
Bigarren hau jende zarpail, zikin, eskale eta emagalduez osatua zegoen.
Zirtzikak ziren talde honetakoak. Aurrekoen itxurak egiten eta hauek
irrigarri uzten joaten ziren.
Ustaritzeko ihauteriak
Lapurdiko herri honetan
Kaskarot eta
Zanpantzar egunak
dira ihauteri egunak. Kaskarot eguna bi igandez ospatzen dute: Igande
Ihauterian eta horren aurreko igandean. Etxez etxe diru eskean, jan eta
edaten eta etxeetara sartuz ibiltzen dira ihauteri hauetako pertsonaiak.
Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorriak dira ezagunenak.
Kaskarotak dira
izatez dantzariak. Alkandora eta galtza zuriz janzten dira, ga
ltzen bi
alboetan koloretako zintak josita eta gerriko zabal morea. Eraztun
batekin lotzen den lepoko gorria eta txapel bordatua izaten dute.
Eskuetan bina makilatxo eramaten dituzte. Hamarren bat mutil izaten dira
eta hasieran joaten dira, musikariak atzetik dituztelarik.
Ondoren Ponpiera eta Kotilungorriak doaz.
Ponpiera antzinako bufoien antzera dago jantzita, aurpegian karatula gorria eramaten du eta eskuetan sorgin-artaziak.
Kotilungarriak
dira denetan ikusgarrienak, bi direlarik. Gona gorria dute galtza
zurien gainetik, artilezko jaka zuria eta koloretako amantala, honen
poltsikoan airera eta jendeari botatzeko errautsa daramatelarik. Eskuan
makila bat eramaten dute, ber
tatik zintzilik behi-buztana dutelarik.
Buruan txano luze piramidala daramate eta gerrian zintzarri ugari.
Aurpegia tela gorrizko maskara batez estalia edukitzen dute, ahoa eta
begiak bistan dituztelarik. Pertsonaia hauek haurrak izutzen ibiltzen
dira eta etxekoek emandako eskudirua ere biltzen dute.
Guztiak sei orduz ibiltzen dira etxez etxe, eta ondoren, txokoren batean biltzen dira jasotakoa jatera.
Astearte Ihauterian, berriz, Zanpantzar (Saint Pansart) agertzen da
gurdi batean Ustaritzeko kaleetan zehar. Lastoz betetako panpina handia
da. Herrian zehar ibili ondoren epaitu, kondenatu, fusilatu eta erre
egiten dute.
Tolosako inauteriak
Tolosako inauteriak ospe handikoak dira. Ez dira herri txikietako
inauteriak bezalakoak, hiri handietakoekin antza handiagoa dute. Izatez
Igande Inauteri egunean hasten dira eta Astearte arte irauten dute. Hala
ere, aurreko hiru egunak, hots, Ostegun Gizen, Ostiral Mehe eta
Zaldunita bezpera prestaketa egunak izaten dira.
Txilabak, txarangak,
danborrada, zezenak, dantzak, musika eta umorea present izaten dira egun
hauetan. Eta hortik aurrerako hirutan, are eta gehiago.
Asteartean aldatzen da giroa, egun hori hileta eguna izaten baita.
Sardina ehorzten dute eta denak lutu-jantziekin joaten dira. Amaiera
triste honekin bukatzen dira musikaz eta festaz betetako bost egunak.
Abaltzisketako inauteriak
Abaltzisketa eta inguruko beste herrietako inauteriak (hala nola
Amezketakoak, Berastegikoak, Berrobikoak, Elduaiengoak eta Lizartzakoak)
Tolosako inauterien itzalpean gelditu dira. Baina hala ere, azken
urteotan berriro indarra hartzen ari dira.
Abaltzisketako txatxoak Igande Inautez ibiltzen dira baserriz baserri.
Etxe atari guztietan makila-dantza egiten dute mozorro batek lekua
garbitzen duen bitartean. Txatxoak zortzi mutil dira, alkandora eta
galtza zuriz jantziak. Borla zuriko txapel gorria, gorbata beltza eta
antzinako ezkon-mantoi koloretsu biz osatzen dute janzkera. Besoetatik
behera kolore askotako zintak ere eramaten dituzte.
Mundakako aratusteak
Mundakako aratusteetan mutil eta gizonak izan dira protagonista orain
arte, nahiz eta azken urteotan emakumeen parte hartzea gehitu.
Musika joz eta abestuz ateratzen dira kalera Igande Inauterian.
Zuri-zuri jantzita joaten dira guztiak, musika-bandaren zuzendaria izan
ezik. Frak beltza eta kolore berdineko kapela eramaten ditu honek.
Musikariek burkazala janzten dute buruan, batzuetan aurpegia bistan
utzita eta beste batzuetan aurpegia estalita. Aurpegia bistan
daramatenek bibote eta papilote handiak margotzen dituzte aurpegian.
Bi gona janzten dituzte, bata ohi bezala eta bestea burutik sartuta, atorra balitz bezala. Horregatik deitzen zai
Atorrak .
Herriko kaleetan kantatzen jardun ondoren, portura abiatzen dira
zuzendariaren gidaritzapean. Han, petril gainera igo eta banan-banan
ileran jartzen dira, bertan burutzen dutelarik ekitaldirik ederrena.
Urtero asmatzen duten kanta berria abesten dute, eta horrekin batera
aurreko urtetako abestiak ere bai.
Egun honetan, beste herri batzuetan bezala, Mundakan ere ogi xigortuak
edo tostadak jateko ohitura dago. Antzina, atorrak balkoietatik
sukaldeetara sartu eta etxekoandreak prestatutako ogi xigortuak
lapurtzeko ohitura zegoen.
Mundakako emakumeak lehen mozorrotzen ez baziren ere, orain lamia jantzita ateratzen dira herriko kaleetara.
Markinako inauteriak
Bizkaiko herri honetan gaur egun Igande Inauteriz ospatzen dira inauteriak. Lehen ostegunez hasten ziren,
Txitxiburduntzi Egunez eta
Martitzen Karnabal egunez
amaitu. Baina gaur egun, igandea da egun handiena. Herri osoa
mozorrotzen da eta goiz goizetik giro berezi bizitzen da. Goizean
Saragi-dantza egiteko ohitura dago, eta arratsaldean, berriz, Markinako
inauterien berezitasuna den antzara-jokoa.
Antzarak lotu eta gorputza koipetu ondoren, soka batetik zintzilikatzen
dituzte. Zaldiz doazenak, gelditu gabe, antzararen lepoa mozten saitzen
dira.
Joko honen ohitura hau betidanik egon da Markinan, baina 60ko hamarkadan
galdu egin zen. 1979. urtean berreskuratu zen berriro, eta harrez gero
urtero ospatu da.
Lekeitioko inauteriak
Lekeitioko inauteriak ostegunez hasten dira, Sasikoipetsu egunez. Egun
honetan burduntzian erretako haragia jateko ohitura dute. Txistorra,
lukainka edota arrautza jateko ohitura zegoen.
Lekeitioko mozorroak
Marmoak izenez ezagutzen dira. Lehen, igande
arratsaldeko elizkizunak bukatu arte ez zen marmorik ikusten. Haurrek
kale kantoitik "amaitu da elizakoa" oihukatzen zuten eta hori entzutean
kaleak marmoz betetzen ziren. Herria aratuste giroz eta kolore bereziz
janzten zen.
Astelehenetan
Estudiantina ateratzen zen, galtza eta alkondara
zuriz jantzita, jaka urdinez, ezkerreko besotik behera kolorezko zintak
zituela eta buruan txapela beltza.
Asteartea izaten da egunik handiena Lekeition,
Turuturu eguna .
Goiz-goizetik marmo jantziz ateratzen dira herritarrak. Azken urteetan
haurren eguna izaten da. Arrantzale eta nekazari erara janzten dira.
Horrez gain, beste haur asko eta helduak marmoz jantzita ibiltzen dira
egun osoz.
Zalduondoko inauteriak
Arabako herri honetan igandean hasten dira inauteriak.
Markitos da
bertako pertsonaia. Traje beltzez jantzitako panpina da, gorbata
daramana eta lorea botoi zuloan. Arrautz oskolez egindako lepokoa
darama. Pertsonaia berezi eta misteriotsua da Markitos.
Igande Inauteri goizean, goizeko 11:30ean agertzen da herriko kale
nagusian asto baten gainean. Herriko mutil edo gizon bat joaten da asto
gainean, Markitosen atzean berari eusten, jaus ez dadin. Astoa
horretarako prestaturiko toki bateraino gidatzen dute, jauregi baten
aurreraino. Han, Markitos astotik jaitsi eta sei metro luzerako makila
baten puntan jartzen dute. Makila zutik jartzen da, lurrean sartuta eta
han goian geratzen da Markitos ordu batzuetan.
Arratsaldean prozesio zaratatsua heltzen da Markitos dagoen lekuraino,
Predikadorea dena buru delarik. Honekin batera,
Kalegarbitzailea eta
Errauts Zabaltzailea doaz,
biak txabusina beltza jantzita. Hauen atzetik musikariak, eta ondoren
behor batek bultzatako gurdia, barruan Predikadorea dela. Hauen atzetik
Astoa eta
Agurea deitzen
direnak joaten dira. Markitosen aita eta ama omen dira hauek, eta
pertsona bakar batek egiten ditu biak, bata bestearen gainean jarrita.
Ondoren
Artza eta
Ardia datoz, eta hauen atzeti
Porreroak .
Azken hauek beren buruak lurrera botatzen eta pertikak erabiliz
teilatuetatik zintzilikatutako kandela izoztuak apurtzen ibiltzen dira.
Markitos jaitsi eta gurdian jartzen dute. Predikadoreak ez du momentu
batean ere askatzen. Pilotalekura heltzen direnean bere epaia irakurtzen
dio Predikadoreak Markitosi: hil egin behar du. Jendeak txalo jotzen
du. Panpina lurrean jarri eta su ematen diote. Taldeko guztiek dantza
egiten dute bere inguruan.
Arizkungo inauteriak
Nafarroako herri honetako inauterietako pertsonaia nagusia
Hartza da. Korpus egunean ematen diote hasiera festari.
Bi damuñ (etxezain)
nagusi eta beste
bi damuñ laguntzaile izaten dira aukeratuak egun honetan. Eta baita beste
bi damuñ etxekoandre ere.
Korpus asteko igandean lau damuñek egiten dute dantzan enparantzan,
damuñ nagusi eta laguntzaleek. Igande eta Astelehen Inauterian ere gauza
bera egiten dute.
Gainontzekoak soinean brusa, txapela eta zapi beltza jantzita elkartzen
dira Igande Inauterian herriko ostatuan gosaltzera eta ondoren "puska
biltzera", hau da, etxez etxe eskean abiatzen dira. Jan, edan eta zarata
ugari egiten dute etxe bakoitzean. Antzina, neskaren bat zegoen etxean
dantzan egiten zuten. Arratsaldeko lauretan bildutakoa jaten zuten
ostatuan, eta gero, berriro enparantzara dantzan egitera. Iluntzean,
neskak etxera eta mutilak berriro ostatura, afaltzera. Damuñ nagusi eta
laguntzaileek damuñ etxekoandre baten etxean afaltzen zuten, eta
Astelehen Inauteri gauean bestearen etxean.
Astelehen Inauterian aurreko egunekoa errepikatzen zen, pausoz pauso.
Asteartean, ostera, gazteak mozorrotuta kaleratzen ziren, kareta eta
guzti batzuk. Zazpi-zortzi erraldoi ere agertzen ziren. Baina egun
honetako pertsonaia nagusia, gaur egun ere, Hartza da. Gizon edo mutilen
batek egiten du hartzarena, gorputz guztia artilez estalita. Batera edo
bestera mugitzen da hartza, ihes egin eta jendea izutzen du.
Hartzainak darama lotuta, bere ondoan mantentzea asko kostatzen bazaio ere.
Egun hau da, hots, Astearte Inauteria,
Sagar-dantza dantzatzen den egun bakarra. Ohikoena neskek egitea bada ere, Arizkunen mutilek egiten dute.
Unanuako ijoteak
Unanuan Igande eta Astearte Inauterian ospatzen dira "Ijoteak" eta pertsonaia nagusiak
Mamoxarroak dira.
Igandean Mamoxarro txikien eguna izaten da. Herriko hamabost-hamazazpi
urte bitarteko mutil guztiak kaleratzen dira mamoxarro jantzita.
Kamiseta eta galtza luze zuriak daramatzate soinean. Buruan zetazko
koloretako zapia eta gerrian gerriko gorri edo beltza. Kaskabiloz
jositako larruzko zinta gurutzatzen dute paparrean. Eta mozorroa
oraindik ikusgarriago egiteko elementu harrigarriena: burdinezko
karatula jartzen dute aurpegia estaltzeko. Inork ez daki noiz eginak
diren karatulok eta zazpi geratzen dira herrian, hasieran zeuden sei
pareetatik.
Mamoxarro hauek etxez etxe ibiltzen dira oles egiten eskuan daramaten
makilaren puntan lukainka eta urdai zatitxo bat jarrita. Etxeetan
arrautza, urdai, lukainka eta abar oparitzen dizkiete eta zortziak
inguruan herriko tabernara bueltatu eta han afaltzen dute bildutakoa.
Astearte Inauteria, berriz, 17 urtetik gorakoen eguna da, Mamoxarro
handien eguna. Txikiak bezala mozorrotzen dira eta arratsaldean joaten
dira oles egitera musikarien laguntzarekin. Azken hauek mozorrotu gabe
joaten dira. Mamoxarro hauekin batera gazte batzuk ere joaten dira, nahi
duten bezala mozorroturik. Hauei
Muttuak deitzen zaie. Abestu
egiten dute, baina hitzik ezin dute egin, eta hortik datorkie izen hori.
Mamoxarroen antzeko makila eramaten dute eskuan.
Mamoxarroak herriko kaleetan zehar ibiltzen dira harrapakinen bila. Haur
edo neskatilaren bat ikusiz gero, korrika abiatzen dira ea harrapatzen
duten. Ondoren, ostatura bueltatzen dira afaltzera. Afalostean Mamoxarro
handiek eta Muttuek enparantza edo udaletxe aurrean dantza egiten dute.
Lantzeko inauteriak
Astelehen eta Astearte Inauterietan ospatzen dira inaute egunak Lantzen. Pertsonaia nagusiak
Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta
Ferratzaileak dira.
Miel Otxin lastoz
egindako hiru metro inguruko erraldoia da. Bi pago adarrez osatua dago;
bata besoetarako, eta bestea hanketarako. Txapela darama buruan,
kartoizko aurpegikoa eta zapia lepoan. Brusa loreduna eta galtza urdinak
izan ohi ditu gomazko polainetan bildurik. Txantxo batek eramaten du
sorbaldan festak iraun arte.
Zaldiko zaldi-gizona da. Gaztea da,
segalarien lasto txapelaz burua estalia, begiartea ikatzez beztua eta
gerri azpitik egurrezko armazoia, aurrealdean zaldi-burutxoa zutik
duelarik. Atzealdean benetako abere isatsa darama zintzilik.
Ziripot izenekoa
da pertsonaiarik aldrebesena eta farregarriena. Buruan kapela, aurpegi
estalia eta gorputza belar eta iratzez trinkotutako zakuan sartua du.
Bere ibilera baldarrean makila du lagun.
Txatxoak era
ezberdinetara janzten dira baina beti koloretsu. Eskuan erratza edo
makila daramate, aurpegia estalita eta buruan koloretako kapela
konikoak.
Ferratzaileak hiruzpalau izaten dira. Gorputza zakuzko telaz estalia izaten dute eta beren lanbideari dagokion tresneria daramate eskuan.
Festa Astelehen Inauterian hasten da. Miel Otxin doa jendetzaren buruan.
Ziripot traketsa, oinez egin ezinik dabil, makila baten laguntza
duelarik horretarako. Txatxoek oihu eta dantza egiten dute. Zaldiko,
Ziripot lurrera botatzen saiatuko da. Ziripot behin eta berriro eroriko
da lurrera. Zaldiko Ziripoti hurbiltzen zaion bakoitzean, Txa-txoek
defendatuko dute. Halako batean Txatxoek Zaldiko harrapatzen dute eta
Ferratzaileek ferratu egingo dute.
Hurrengo egunean, Astearte Inauterian, ez Ziripot eta ez Zaldiko ez dira
kaleratzen. Miel Otxin da egun honetako protagonista nagusia.
Enparantzara eramaten da Txatxoez inguraturik eta han epaitu egiten
dute. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Zatitu eta sua
egiten dute bere gorputzarekin. Ondoren, zortzikoa dantzatzen dute
suaren inguruan.
Ituren eta Zubietako joaldunak
Herri hauetan urtarrileko azken igandearen ondoko astelehen eta
asteartean ospatzen dira inauteriak, bi herrietako mutilek elkar hartuta
erabakitzen dutenean.
Joaldunak dira inauteri hauetako
protagonistak, bi herrietako taldeak. Ezaugarri nagusia gerrian
daramaten zintzarria da, "joare" deitzen zaiona. Horregatik deitzen zaie
joaldunak. Gerria astinduz izugarrizko hotsa ateratzen diete
zintzarrioi. Zubietako joaldunak alkandora zuria, ardilarru bakarra eta
zapi urdina eramaten dute, eta Iturengoek ardilarru bikoitza eta zapi
gorria. Guztiek isipua eramaten dute eskuineko eskuan haurrak uxatzeko
eta txano dotorea buruan. Txano honi "Ttuntturroa" deitzen zaio.
Ondorioz, joaldunei ttuntturroak ere deitzen zaie, eta baita
zanpantzarrak ere.
Astelehen Inauteri egunean Zubietako joaldunak Iturenera joaten dira
alkatearen baimenaz. Astearte Inauterian, berriz, alderantziz,
iturrendarrak joaten dira Zubietara.
Lesakako inauteak
Lesakako inauteetako egun handiena igandea izaten da eta
Zaku-zaharrak dira
protagonistak. Gorputza zakuzkiz (zakuzko telaz) estalia izaten dute
eta azpian lasto edo sarale ugari eramaten dute. Aurpegia zapi batez
estalia dute, begien eta ahoaren parean zuloak egiten dituztelarik.
Eskuan puxika bana eramaten dute eta banan banan joaten dira "ié, ié,
ié" oihuka. Herriko kale guztiak pasatzen dituzte horrela.
Mairuen laguntza ere izaten dute. Hauek kolorezko tela zatitxoez estalia izaten dute gorputza.
Gaueko 10:00etan heltzen dira enparantzara. Han burdinazko barra bat
dago alde batetik bestera eta hari eusten diote. Momentu horretan
herriko haur eta neska-mutilek gainera salto egiten diete zaku-zaharrak
lurrera botatzeko. Zakuetatik ere tiratzen diete eta zaku telak galtzen
dituzte askok, lastoa edo saralea zabalduz. Haurrak elkarri lastoa botaz
ibiltzen dira jolasean.
Astelehenean, berriz, Karrozen eguna izaten da. Talde ezberdinek muntatutako karrozak izaten dira ikusgai.
Nahiz eta astelehenean bukatu inauteak berez, Lesakako auzoetan
asteartean ere jarraitzen dute. Auzoetako gazteak goizean goiz abiatzen
dira baserriz baserri puska biltzera. Bi taldetan banatzen dira:
goitiarrak eta fraindarrak. Goitiarrak zuriz jantzita doaz, txaleko eta
txapel gorriz, galtzetan daramatzaten kaskabiloak astinduz. Trikitixa
eta krixkitina izaten dituzte lagun. Fraindarrak, bestetik, brusa
beltzez, galtza zuriz, txapel berdez eta lepoko koloredunez janzten
dira. Eskusoinua eta erratz kirtena eramaten dituzte hauek.
Leitzako iotegik
Leitzako inauteriak iotegik izenez ezagutzen dira. Lehen Garizuma
aurreko hiru egunetan ospatzen ziren -Zalduniote, Asteleniote eta
Asteartiote egunez-. Herriko gazteez gain, zaldiak ere mozorrotzen
zituzten Leitzan. Mozorrotutakoei
Atxoak deitzen zitzaien.
Txistulariekin batera eskean ibiltzen ziren, astelehenean herri kaxkoan
eta asteartean baserrietan. Eta biltzen zutena izaten zuten bi egunetako
otorduetarako.
Gaur egun, ordea, Leitzako iotegik ezberdinak dira. Egunei dagokienez,
urtarrilaren hirugarren igandez eta ondorengo astelehen eta asteartez
ospatzen dira, eta
Festa Txikiak izena hartzen dute. Erromeria eta eskeak egiten dituzte bi gazte taldek. Txistu soinuz
hik hasi
Inauteriak non eta noiz
Leitza urtarrilak 23, 24, 25 eta 26
Sunbilla urtarrilak 29, 30 eta 31
Ituren-Zubieta otsailak 1 eta 2
Ustaritze otsailak 7, 14 eta 16
Tolosa otsailak 11 eta 16
Abaltzisketa otsailak 14
Mundaka otsailak 14
Markina otsailak 14
Lekeitio otsailak 11 eta 16
Zalduondo otsailak 14
Arizkun otsailak 14, 15 eta 16
Unanua otsailak 14 eta 16
Lantz otsailak 15 eta 16
Lesaka otsailak 14, 15 eta 16
Maskaradak non eta noiz
Altzürükü otsailak 7
Altzai otsailak 14
Muskildi otsailak 21
Arrokiaga otsailak 28
Ligi martxoak 14
Maule martxoak 20
Urdinarbe martxoak 28
Barkoxe apirilak 4
Larraine apirilak 11
Iruri apirilak 18
Mendi apirilak 25
BIBLIOGRAFIA
-Garmendia Larrañaga, Juan. "Iñauteria. El carnaval vasco". Argitalpen eta publikapenen Gipuzkoar Erakundea, 1973.
-Arregi Nerea. "Euskal Ihauteriak". Bizkaiko Ikastolen Elkartea.
-Susperregi Jose Mari. Zenbait lan.