48.DURANGOKO AZOKA 2013ko Abenduaren 5etik 8ra
Itziar Okariz artistak egin du Durangoko Azokako kartela
Zuriaren gainean hitzak dantzan. Irudi horrekin osatu du kartela
Itziar Okariz artista
donostiarrak. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 48. edizioa, eta
azokarako propio egin du
kartela. Plateruena gunean aurkeztu dute gaur, eta artistaren
performance berriaren partitura edo gidoia da.
URTero bezala, euskal idazlerik ezagunenetako batzuen liburu
berriak plazaratuko dituztela iragarri dute argitaletxeek
udazkenari begira,
irailarekin hasi eta abenduaren hasierara —
Euskal Liburu eta Diskoen Durangoko
Azokara— doan tartean. Poema liburuen eta eleberrien atalean ageri dira
zerrendako izenik ezagunenak:
JosAnton Artze eta
Koldo Izagirre poesian;
Bernardo Atxaga,
Aingeru Epaltza,
Xabier Montoia eta
Joxean Agirre eleberrietan Joan Mari Irigoienekin batera, Irigoienek kaleratua eta aurkeztua baitu
dagoeneko bere eleberria. Nolanahi ere, izango da liburu aipagarririk beste atal
batzuetan ere:
Jon Sarasua, Antton Luku eta Asun Garikanoren
saiakerak,
adibidez; edo
Uxue Alberdi eta Xabier Etxaniz Rojoren
ipuin liburuak; haur eta
gazte literaturako eskaintza oparoa; jatorri eta garai askotako idazleen lanen
itzulpenak…
J.Luis Zabala
UDAZKENEKO NOBEDADEAK- ELEBERRIAK
ARMA,TIRO,BAMMM! - Joan Mari Irigoien
Arma trafikoa hartu du gaitzat Irigoienek bere azken eleberri hau egiteko, bi
ikuspegi eskainiz aldi berean: batetik, Bereibarko familia bat (Gipuzkoa eta
Bizkaia arteko alegiazko herria), arma-negozio bat daukana; bestetik, Balad al
Xams-eko (Ekialde Hurbileko balizko herrialdea) beste familia bat, gerra ahaztu
baten ondorioak nozitu beharko dituena; modu paraleloan kontatzen zaizkigu
batzuen nahiz besteen pozak eta nekeak, eguneroko kontu xeheak eta Historia
markatzen duten gertakari handiak.
Hizkuntzaren erabilera zaindu eta ederra,
hainbat istorio sortu eta kateatzeko fabulazio-ahalmena, eta gure gizarteko gai
minberak ukitzeko kontzientzia etikoa nabarmentzen dira Irigoienen lan honetan.
ELKAR
ADISKIDE BAT NUEN - Joxean Agirre
Hainbat gai txirikordatzen dira Agirreren nobela berri honetan, batzuk egilearen
narratiban ohikoak direnak (obsesio bihurtzeraino, kasik), eta beste batzuk
orain agertzen direnak lehenegoz edo indar handiagoz: talde politiko klandestino
baten barrunbeak modu aski fantastikoan kontatuak; norbere itxura eta are izaera
ere hartzen duen doblea; desira eta jelosia; emakume ezezagun baten mirestea…
Donostia eta Venezia artean kokatzen da eleberria, kapitulu laburretan
zatitua, narratzaile eta protagonista den gizonezko heldu baten ahotsean
laupabost hari aldi berean garatuz, idazlearen marka diren ezaugarriekin:
hizkuntza jolasti-dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa,
erotismo bizizale eta sentsuala…
ELKAR
HOBE ISILIK
Garbiñe Ubeda
1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian
desagertutako Miguel Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila
hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona harentzako gutunek
osatuko dute eleberria, eta bertan, bilaketaren gorabeherekin batera, familiaren
historia berreraikiko da, eta baita hainbat gogoeta harilkatu ere.
Kazetaritzan ibilbide luzea duen arren, hauxe du Garbiñe Ubedak lehen
saialdia fikzioaren munduan, eta azpimarratzekoa da testuaren kalitate
linguistikoa, estilo landu eta dotore bat duena, baita pertsonaien taxuera ere,
sinesgarri eta ñabarduraz betea. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak
antolatutako Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen nobela-proiektu
hau.
ELKAR
DEFINITZEKE (Erresuma eta Fedea, III)
Aingeru
Epaltza
Erresuma eta Fedea trilogia ixten duen nobela dakarkigu Aingeru Epaltzak.
Aurrenekoa, Mailuaren odola, batik bat Nafarroa Beherean gertatzen bada, eta
bigarrena, Izan bainintzen Nafarroako errege, Parisen, hirugarren honek erresuma
galduko hiriburura garamatza, Iruñera: hara doa Joanes Mailu, erregeren mandatuz
espioi lanetan, herria matxinadarako prestatzeko, espainol inbasoreak kanpora
egotz ditzaten. Gauzak ez dira horren errazak ordea, herritarren leialtasuna,
oro har, ez baita Mailurena bezain kartsua, eta gaztelau maltzurrek eta haien
eskumakila giputzek ere bai baitituzte beren zerbitzariak (besteak beste Pedro
Agerre Axular, lehen liburukian ere agertu zena).
Dokumentaturiko historia eta fikziozkoa modu harrigarrian uztartzen asmatzen
du Epaltzak, eleberri bikaina sortuz eta ber denboran giro historikoa ezin
hobeto islatuz, umore eszeptiko bat erabiliz, maltzurtasuna eta pertsonaiekiko
maitasuna batzen dituena, eta idazkera guztiz malgu, adierazkor eta biziaz.
ELKAR
NEVADAKO EGUNAK - Bernardo ATXAGA
Nevadako egunak
VOLCANOS OF NEVADA
Gure lehengo mundu hartan bazen baserri bat egun jakin batzuetan ostatu
bihurtzen zena. Ernio mendiaren bidean zegoen, eta izena zuen
Mugats.
Eguerdian oturuntza izaten zen, tarta, pastel eta guzti; arratsean, musika
Muttubiyaren soinu txikiarekin, eta dantza mandioan-sarobean-.
POESIA
PARISEN BIZI NAIZ- Koldo Eizagirre
Tituluak berak adierazten digu nondik mugituko
den poeta lan berri honetan. Hiriari dedikaturiko poema liburua baita hau. Eta
hala, lerroetan zehar Donostian, Paris, Bilbo, Tolosa, Berlin eta beste hainbat
hiri deskribatuko ditu poetak, erdigune horretan mugitzen delarik.
Liburuko lehen poemak ematen dio titulua lan
osoari Parisen bizi naiz, eta modu paraleloan amaitzen du lan berri hau
Berlinen bizi naiz izenekoarekin.
Liburu multiformea da Izagirreren azken hau,
poema laburrak, luzeak, narratiboak, elkarrizketa integratzen dituztenak,
koplak,… denetarik kausituko du irakurleak
Hona hemen Donostia hiriari dedikaturiko
koplak:
NONTZEBERRI
DONOSTIA
gortearen udaleku
hiritasuna
debeku
kupido motzen joek daukate
sebastian zerutik gertu Jarraitu irakurtzen